Autobus elektrikoak, gero eta gertuago Irunen

2018-10-09T16:35:42+00:00Irun|

Gero eta gutxiago falta da Irunek garraio publikoko lehenengo linea % 100 elektrikoa izan dezan. Hilabete honetan, autobusak kargatzeko bi gune jartzeko beharrezkoak diren hargune elektrikoak egiteko lanak hasi dira. Lehenengoa egokitzen Zaisa eta ospitalea lotzen dituen linea izango da (L1). 

Joan den urtean, 1.200.000 lagunek baino gehiagok erabili zuten L1 linea. Hiri osoa zeharkatzen du, eta, egunero, ehunka herritarrek erabiltzen dute, lantokira edo ikastegira joateko zein aisialdiaz gozatzeko. Bada, Irungo linea nagusiko eskaintza modernoa eta jasangarria izango da aurrerantzean, oztoporik gabea erabat, energia elektrikora egokituko baita. Hain zuzen ere, lau ibilgailu elektriko eta ibilgailuak pantografo bidez azkar kargatzeko guneak erabiliko ditu. 

Cristina Laborda Irungo Udaleko Mugikortasuneko ordezkaria Irungo ospitaleko geralekuan izan da, L1 linearen bi buruetako batean, non lanak martxan diren dagoeneko: “Irungo hiri barruko 1. autobus linea elektrifikatzeko, beharrezkoa da autobusak azkar kargatzeko bi gune instalatzea linearen bi buruetan; alegia, Zaisan eta ospitalean. Lehenengo urrats ikusgarria da, baina bada Udalak hirian oso laster hiri barruko autobus elektrikoen lehenengo linea izateko egindako lanaren jarraipena ere”. 

Funtzionamenduari dagokionez, Labordak azaldu duenez, “autobusa linearen buru batera iristen den bakoitzean, kargatu egingo da abian jarri aurretik. Laster ohituko gara hori ikustera, eta, mugikortasun jasangarriaren aldeko gure apustuaren ildotik, Irunbusen aro berriaren egunerokoaren parte izango da”. 

Lanak martxan daude L1 linearen bi buruetan (Zaisan eta ospitalean): lurpeko linea kanalizatzea eta elektrizitate konpainiarekin konektatzeko puntutik transformazio zentro berrira ezartzea eta Zaisan eta ospitalean ebaketa eta transformazio zentro berriak instalatzea; epe laburrean garraio jasangarria izateko lehen urratsa.