Berriz ere eskerrak ematera gatozkizue. Eskerrik asko lanera, ikastera, gure hirian paseatzera edo erosketak egitera joaten laguntzen uzteagatik! Zehazki, 1,4 milioi esker, horrenbeste bidaia egin baitugu aurten. Pandemiaren aurreko zifrak berreskuratzeko bidean gaude jada.
Borja Olazabalek, Mugikortasuneko ordezkariak, 2021eko zifrak aurkeztu ditu, eta adierazi duenez, 2021eko eta 2022ko hasierako datuek «bidaiari-kopuruak normaltasunera itzultzen ari direla erakusten dute, COVID-19aren eraginaren unerik okerrenen ondoren».
Izan ere, pandemiagatik, % 34 egin zuen behera 2019tik (urte errekorra Irunbusen) 2020ra. Baina 2021ean, Olazabalek azaldu duenez, oso zati garrantzitsua berreskuratu dugu. «Gure ustez, hiriko autobusak aukera erakargarria dira irundarren joan-etorrietarako, eta, gainera, gero eta jasangarriagoa da, zero emisioko mugikortasunaren aldeko apustua eginda baitugu”, gaineratu du.
2021eko kopuru osoa (1.424.446 bidaia) oraindik urrun dago 2019an erregistratu ziren jarduera-errekor absolutuko datuetatik (1.790.089 bidaiari), baina 2020ko kopuruen gainetik dago (1.171.417 bidaiari). % 21,6 hazi da.
Lineaka, L1 da berriz ere hirian mugitzeko gehien hautatzen dena. Ia milioi bat bidaiari (988.823), hau da, % 23,1eko igoera iazkoaren aldean. L2k % 17,9ko igoera izan du, 328.123 bidaia eginda. L3k 60.063 bidaiari ibili zituen, hau da, 2020ko datuekin alderatuta, % 20,8 gehiago. Bestalde, L-ak –hirugarren urte natural osoa du funtzionamenduan– 40.489 bidaiari izan zituen, % 16,9 gehiago.
Atal berezia merezi dute Gautxori zebitzuek; izan ere, 2021ean, pandemiak gaueko mugikortasunari eragindako murrizketak jasan dituzte. Zerbitzua ez zen berreskuratu ekainera arte, eta horregatik, behera egin duen linea bakarra da: % 35 gutxiago, duela urte bateko balantzearekin alderatuz gero.
Mugikortasun arloak bildu dituen datu horiek eskaripeko landa-garraioaren jardueraren zifra barne hartzen dute. Garraio honek, dagoeneko, zazpi urteko ibilbidea du Irunen, eta horietatik sei etengabe funtzionatzen, hau da, abuztuan ere bai. 2021ean, autobus horrek 3.310 erregistratu zituen hamabi hilabetetan; % 21 gehiago, 2020koarekin alderatuta.