Bidasoaren horiak eta urdinak askotan ordezkatu dute Irun Europan. Azken urteak zailak izan dira, baina, datorren urteko EHFrako sailkatuta, eskubaloiaren elitera itzuli da Irun. 

Bidasoa a Europa

cdbidasoa.eus

2016. urtean, Asobal ligara itzuli zen Bidasoa. Bidasoaren horiak eta urdinak askotan ordezkatu dute Irun Europan, eta zale askok gogoan zuten aro loriatsu hori, baina, berriki, etapa gogor bat bizi izan zuten, basamortuko zeharkaldi luze bat, jaitsiera mingarri baten ondoren.

Penitentzia bukatu zen, ordea, eta, oso denbora gutxira, Bidasoak, kategoria gorenean irmo finkatzea ez ezik, bigarren postua lortu du: meritu handia du horrek, kategoria horretan FC Barcelona baita beti nagusi –gainerakoek baino aurrekontu handiagoa du– eta, hortaz, “gainerako taldeen ligan lehenengoa izan baita Bidasoa”.

Denboraldi miraritsu honi esker, hiriaren luxuzko enbaxadore bihurtu da berriro ere talde irundarra, eta, datorren denboraldian, harro paseatuko du gure bandera Europako eskubaloiaren plazarik onenetan barrena, EHFn lehiatuko baita.

 

Talde historikoa

Irundar orok dakienez, hau ez da kontu berria: taldearen urrezko aroan, bi liga eta Europako Kopa bat ere irabazi zituen Bidasoak. Espainiako edozein bazterretako eskubaloizale orok buruz esan zitzakeen taldeko jokalariak; tartean, eskubaloiko nazioarteko izar handiak, talde prestigiotsu honetan jokatu nahi zutenak.

Horrela, talde orok amesten duen trofeo nagusia irabazi zuen orduan Elgorriaga Bidasoa zenak, eta, 1996an, Europako Kopa gorde zuen bere arasan, ohorezko tokian.

Real Uniónen zuri-beltza eta Bidasoaren hori-urdina Irungo kirolaren konbinazio nagusiak izan dira betidanik. Orain, inoiz baino gehiago, unionistek taldea babesten jarraitzen dute, eta eskubaloizaleak, berriz, ikasturte ahaztezin bat bizitzen ari dira, nazioarteko eskubaloiaren barruan denek historikotzat duten talde bat Europara itzuli dela ikusita. Aupa, Bidasoa!