Uztailean bueltan da, indar handiz, Dies Oiassonis erromatar jaialdia (uztailak 14-17). Bi urte egin ezinik egon gara pandemiaren erruz, baina aurten ekitaldi honek Irun eraldatuko du berriz ere, Oiasso zaharra berreraikitzeko. Helburua? Gure historiaren dibulgazioa egitea, jantzien, lekuen eta materialen zorroztasun handiko antzezpenen eta berreraikuntzen bitartez, gure hiria erromatarren garaian nolako zen ikusteko. 

Horretarako, publiko guztientzako programa bat daukagu, askotariko jardueraz betea. «Irun Oiasso izango da berriz ere egun batzuez. Indar handiko programa bat izango dugu, eta mugarri handia izango da», nabarmendu du Juncal Eizaguirrek. 

«Horrelako ekitaldiak ezinbestekoak dira hiria dinamizatzeko. Zorte handia dugu, erromatar iraganarekin lotutako ondare historiko garrantzitsua dugulako, eta jaialdi hau plataforma bikaina da ondare hori ezagutzera emateko, proposamen oso erakargarri baten bitartean». Ohiko formatura itzultzeaz gain, aurten jaialdia are bereziagoa izango da, aurki terma erromatarrak izango ditugulako. Proiektu horren berri ere eman nahi diegu herritar guztiei».

Dies Oiassonis 2022

Zirku erromatarra

Udan gure hirian dagoen eskaintza kulturalaren aukera erakargarrienetako bat. San Juan plazan izango da, ostiralean (18:00), larunbatean (16:00 eta 22:00) eta igandean (13:00). Sarrerak salgai daude turismo-bulegoan, Oiasso museoan eta zirkuaren sarreran bertan, ikuskizuna hasi aurretik. 

Dies Oiassonis jaialdiaren programaren beste ekitaldi garrantzitsu bat merkatu erromatarra da. Beti bezala, Fermín Calbetón eta Foru kaleetan eta Jenaro Etxeandia plazan egongo da, eta CBAren sarrera-eremuraino iritsiko da. Bertan, erromatarren munduko artisautza eta janaria saltzen duten postuak aurkituko dituzu. Merkatu horren indargarri gisa, beste feria bat egongo da museoaren sarrera inguruan. Bertan, besteak beste, pieza arkeologikoen brontzezko erreplikak, kosmetikoak eta medikuntzako tresnak egongo dira, bai eta artisautzako pieza gehiago ere.

Antzezpen historikoak

Jaialdiaren xedea dibulgazio historikoa da. Hortaz, antzezpenek eta tailerrek leku berezia dute programaren barruan. 

Behe Inperioaren garaiko kanpamentu baten erreplika bat izango dugu. Soldaduen janleku baten antzezpena ere egingo da, eta Erromatar Inperioaren garaiko eguneroko bizitza irudikatzeko zenbait tailer egingo dira. Museoko plazatxoan, bestalde, Antzinako Erromako norberaren garbiketa eta zainketari buruzko antzezpen bat ere egingo da. Bestalde, Oiasso antzezpen historikoko Irungo elkartearen aurkezpena ere egingo da.

Atal honen barruan, irrika handiz esperotako beste ekitaldi bat aipatu beharra dago: Navigium Isidis prozesioa, uztailaren 16an arratsaldeko 19:30etan.

Tailerrei dagokienez, adin guztietarako proposamen zabala dakarkigu jaialdiak, eta aukerak askotarikoak izango dira: kameu erromatarrak dekoratu eta bitxiak muntatzeko tailerrak, larru erromatarra lantzen ikastekoak, nork bere ezkutu erromatarra margotzekoak, legionario eta zenturioiek zeramatzatenak bezalako kasko bat egitekoak, garaiko panpinak edota antzerkiko maskarak eraikitzekoak, edota idazketa-tresnen erabilera eta kalamu edo luma bidezko idazketaren hasi-masiak ikastekoak, besteak beste. 

Antzerkia 

Antzerki-eskaintza ere indartu da aurtengo jaialdirako. Bost ikuskizun eskainiko dira, hiriko zenbait puntutan banatuta: 

Uztailaren 14an, ostegunarekin, «Els Joglars» konpainiak ¡Que salga Aristófanes! obra eskainiko du Amaia Kultur Zentroan, 20:00etan. Uztailaren 16an, larunbatarekin, William Shakespeareren Tito Andrónico obra eskainiko da Junkaleko plazatxoan, 22:00etan. Méridako Erromatar Jaialdiaren eta Teatro Noctámbulo taldearen arteko koprodukzio bat da. Bakarrizketak ere egongo dira: Mujeres de Oiasso bakarrizketak hilaren 16an, larunbatarekin, 12:00etan eta 13:00etan, terma erromatarren lorategian (Sarasate kalea) eta ¡Las peripecias de un joven de Oiasso! uztailaren 17an, igandearekin, 12:30etan, Junkaleko plazatxoan.

Igandean, goizeko 11:30etan, Ezezagunok Antzerki Elkarteak La paz y otras lunas eskainiko du Junkaleko plazatxoan. Antzerkiaren alorreko eskaintza osatzeko, Aristofanesen Emakumeak asanbladan obraren irakurraldi dramatizatua egingo da ostiralean, uztailak 15, 19:30etan hasita, Oiassoko termetan.  

Gastronomia

Eta, nola ez, gastronomia ere izango dugu gure hiriko uda guztietako kultur hitzordu garrantzitsuenean. Uztailaren 8tik 17ra, hiriko 22 establezimenduren parte-hartzearekin, Pintxoaren Ibilbidea egingo da. Taberna edo jatetxe bakoitzak erromatarren garaian inspiratutako pintxo bat prestatu du.

Aurtengo berritasunetako bat San Juan plazako zirkuko hondarraren gainean egingo den erromatar afaria eta ikuskizuna izango dira. Menua erromatarren garaian inspiratuta dago, eta ikuskizun ikusgarri baten bidez girotuko da. Ehun lagunentzako lekua dago.