Pandemian” ere denbora hegan doa, eta Eguberrietan gaude berriz. Berriki denok etxean itxita geunden eta! Urte gogorra izan da, eta, lerro hauetatik, eskerrak eman nahi dizkiegu seguru mantentzen gaituzten funtsezko langile guztiei, batez ere Auifeko langile guztiei. Mila esker!

Eta absentzia, distantzia eta maskara zurrunbilo honen guztiaren erdian, ilusioak bidea egiten du eta Eguberriak heldu dira, bere argi eta koloreekin, alaitasunez. Jai hauek gogoratzekoak izango dira, orain arte bizi izan ditugunak ez bezalakoak. Jakin nahi duzu nolakoak izango diren 2020ko Eguberriak Irunen?

Gabonak Irunen

Aurtengoa inoiz baino bertakoagoa izango da. Hiriko Udalak kanpaina bat prestatu du, “Zure Eguberriak Irunen daude” lelopean. Helburua da hiriko enpresak eta talentua bultzatzea. COVID-19aren pandemiak agendatik kanpo utziko ditu garai honetako ekitaldi ohikoenetako batzuk; beste batzuk, berriz, berrasmatu eta egokitu egin beharko dira, osasun-neurriak eta murrizketak bete ahal izateko.

Olentzero eta Errege Magoak Irunen

Ez daitezela ikaratu etxeko txikienak! Olentzerok eta Errege Magoek gure etxeetarako bidea irekiko dute opariekin, baina hirira irten ahal izango ote gara haiek jasotzera? Udaleko Kultura arloa aukera aztertzen ari da Erregeen kabalgataren eta Olentzeroren etorreraren ordez ekintza estatikoak egiteko, ezarritako segurtasun-neurriak bermatzeko (jende-kopuru mugatua eta distantzia fisikoa). Olentzero eta Mari Domingi agurtzera joan ahal izango gara Amaia Kultur Zentrora, eta Errege Magoak, Ficoba azokara.

Gainera, Udalak lagundu egingo die Olentzerori eta Errege Magoei, ohiko gutun-bilketa egokituz, gutun bakar bat ere bere helmugara iritsi gabe gera ez dadin. Abenduaren 18tik aurrera, postontzi apainduak ikusi ahal izango ditugu hirian, hiriko ume guztiek beren desioak bertan sartu ditzaten. Postontziak Zabaltza plazako Eguberrietako azokan, Skola Musiken lokalean eta Amaia KZko erakusketa-aretoan egongo dira.

Tokikoaren aldeko apustua

Urte zail honetan, udalak herrian jarri nahi du Eguberrietako kanpainaren arreta osoa. Hiriko merkataritzak eta ostalaritzak, eta baita beste sektore askok ere, pandemiaren ondorio ekonomikoak jasan dituzte; beraz, aurten, inoiz baino gehiago, mezua da bertakoaren alde apustu egitea erosketak egiterakoan.

Hala, Eguberrietako azoka da ekintzarik aipagarrienetako bat, eta aurten Zabaltza plazan izango da, formatu zabalagoa izateko, etxola gehiago jarrita, horrela ezarritako segurtasun-neurri guztiak errazago aplikatu ahal izateko. Guztira, egurrezko 12 etxola jarriko dituzte abenduaren 18tik 27ra.

Kultura ere bertakoa izango da. Oiasso Museoak, Amaia KZk, Menchu Gal aretoak eta hiriko beste zenbait tokik hiriko artistak protagonista dituzten ekitaldiak dakartzate beren agendan. Aipagarrienetako bat Amaia KZn egingo den KM0 jaialdia da. Hainbat diziplinatako (musika, dantza, antzerkia, magia,…) artista irundarrek parte hartuko dute bertan, abenduaren 28an eta 30ean.

Garrantzitsua da gogoratzea kultura segurua dela. Gune horietan guztietan, koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurriak beteko dira: jende-kopurua murriztea, segurtasun-distantziak, maskara nahitaez erabiltzea, eskuak garbitzea eta 21:00ak baino lehen amaitzea.