Ezagutzen al duzu Gordailua ? Gure bulegoen ondo-ondoan dago Gipuzkoako altxorra edo, hobeto esanda, Gipuzkoako altxorraren kutxa. Gure probintziaren ondare kulturala gordetzeko eraikina, hain zuzen. Artelanak, manufakturak, zeramikak, nekazaritzako tresnak, eguneroko objektuak eta abar, eta abar. Guztira, gure probintziaren historia osatzen duten 70.000 pieza baino gehiago. 

Godailua
Argazkiak: www.gipuzkoa.eus

Historian zehar gizakiek erabilitako objektuek osatzen dute gizarte baten kultura materiala, eguneroko bizitzaren parte izan diren objektuek, alegia. Askotariko materialez eginak daude eta erabilerak ere askotarikoak dira, baina guztiek ematen dute informazioa erabili zituzten pertsonei eta horien bizimodu eta gizarteari buruz.  Beste modu batera esateko, atzean uzten ditugun objektuak gure familien eta gure lanaren lekuko dira, gure bizimoduaren eta ohituren berri ematen dute. Altxor historiko bat. Horixe da Gordailua.

GORDAILUKO ALTXORRA

Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari atxikia dago, eta bertan gordetzen dira Aldundiaren ondarearen bildumak. Gordailuan dauden objektu gehienak artelanak eta balio etnografiko eta historikoko elementuak dira. Bilduma ezin zabalago horretan gure lurraldean ekoitzitako manufakturak eta artelanak aurkituko dituzu, bai eta Gipuzkoako bizimoduekin, gertakariekin, jarduerekin edo kultura eta gizartearen bilakaerako pertsonaia entzutetsuekin lotura estua duten piezak ere.

Hala nola Porcelanas Bidasoa edo Unión de Artistas Vidrieros-en bildumak, besteak beste (ezagunak egingo zaizkizue, seguru), enpresa horien bilakaera ulertzen laguntzen dutenak; hainbat baserritako tresneria eta uhaleria, hala nola Soraitzekoak edo Zubimendikoak, edota Miramar jauregiko bildumak. Bildumagileen ekarpenak: Manuel Laborde Werlinden , Fernando Díaz Peral , Ignacio Mª Atxukarro , Jesús Mª eta Lurdes Etxeberria , etab. Beste kasu batzuetan, zenbait artista eta ikertzailek urteetan zehar sortutako edo bildutako piezek osatzen dute bilduma bat: Didier Petit de Meurville, Nestor Basterretxea, Juan Gorriti , Xabier Otero, Antxon Aguirre Sorondo…

Gainera, eraikin berezi honetan gordetzen dira San Telmo Museoko ondasun batzuk, bai eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuetakoak ere, hala nola Nestor Basterretxea artistaren obra. Gipuzkoako Arkeologia eta Paleontologiako gordailua ere bada, eta bertan gordetzen dira lurraldeko indusketa, prospekzio edo aurkikuntzetan lortutako piezak, 10.000 kutxa baino gehiago daude guztira!

NOLA KONTSERBATZEN DIRA PIEZAK?

Ondasun horiek guztiak gordetzea, pentsa daitekeen bezala, ez da erraza. Pedro Astigarraga eta José León Lasarte arkitektoek diseinatutako eraikinak zortzi biltegi ditu, piezak hezetasun- eta tenperatura-baldintza egokietan kontserbatzeko. Gainera, areto bereziak daude, zenbait materialek behar dituzten parametro bereziekin (metalak, paperak, oihalak, etab.). 

Gune gehiago ere badaude: ondasun arkeologiko, paleontologiko, etnografiko eta artistikoak zaharberritzeko tailer bat, berrogeialdia egiteko espazio bat, ikerketa-areto bat, liburutegi bat… gure legatu materiala babesteko punta-puntako instalazio batzuk.

NOLA IRISTEN DIRA PIEZAK GORDAILURA?

Piezak erosteko programaz gain, partikularrek edo erakundeek ondasunak dohaintzan eman, saldu edo lagatzeko egiten dituzten eskaintzak ere aztertzen dira, zenbait irizpideren arabera: piezaren jatorria ondo dokumentatuta egotea, kontserbazio-egoera onean egotea, bildumei egiten dien ekarpena eta garai, lurralde edo sektore sozial baten adierazgarria izatea, etab. 

Gordailua

BISITATU DAITEKE?

Gordetako ondare kulturalaren balioa ezagutzera ematea da Gordailuaren helburuetako bat; beraz, zenbait proposamen eskaintzen dira, hala espezialistentzat nola jendearentzat, oro har. Aurten, 10 urte beteko dituzte Gordailuak eta San Telmo Museoak eta, ospatzeko, jardueren programa bateratu bat antolatu dute, tartean bisita gidatu presentzialak eskainita (betiere, segurtasun-neurriak beteta). Gordailuaren webgunean kontsultatu ditzakezu lehen lauhilekoan programatuta dauden bisitak. 

NOLA IRITSI:
Linea L2 – San Juan – Ventas – Txingudi