Hiriko auzoetatik dabiltzanean, gure autobusak maiz igarotzen dira egunero Faisaien Uhartearen ondotik, ezaugarri bitxiak dituen eta gogoratzea merezi duten zedarri historiko zenbaiti lotua dagoen toki horretatik.

Irungo eta Hendaiako ertzen artean, bide erdian, Bidasoa ibaiaren erdian dagoen uharte txiki-txiki horri buruzko lehenengo bitxikeria da jabekidetza-izaera duela. Egia da; Faisaien Uhartea Frantziarena eta Espainiarena da batera, baina txandaka. Urte erdian, bi herrialdeetako bat da jabea eta berak kudeatzen du uhartea, eta beste sei hilabeteetan, beste herrialdeari ematen zaio, eta horrek gauza bera egiten du handik urte erdira. Azken batean, eta praktikan, esan daiteke Irungo alkatearen nahiz Hendaiako alkatearen eskuduntza dela uharteari buruzko edozein erabaki hartzea.

Beste berezitasun bat da ezin dela bertara iritsi. Uhartera iristeko, uretan sartu beharra dago, ez baitago inongo zubirik bi ertzetakoren batekin lotuko duenik.

Isla de los Faisanes

Bisitari entzutetsuak

Uharteak apenas dituen 2.000 metro koadro (nahiz eta duela urte asko zertxobait handiagoa zen), baina garrantzi handiko gertakari historikoak bizi izan ditu.

Garrantzitsuena 1659ko azaroaren 7an gertatu zen. Egun horretan, Pirinioetako Ituna esaten zaion hori sinatu zuten bertan, Espainiaren eta Frantziaren artean 1635ean hasi zen gerrari amaiera emateko. Hain abagune garrantzitsurako, frantziarren artean, D’artagnan ospetsua zegoen, bere errege Luis XIV.ari laguntzen. Espainiarren artean, berriz, goi-mailako ordezkari bat ere izan zen: Felipe IV.ari lagunduz, Velázquez handia izan zuen bisitan uharteak. Hilabete batzuk geroago hilko zen.

Ez zen izan, ordea, Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanak toki horretan eszenaratu ziren aldi bakarra. Protagonista berberek (Luis XIV.a eta Felipe IV.a) Luis XIV.aren eta María Teresa de Austria Espainiako infantaren arteko ezkontza adostu eta berretsi zuten uharte txikian. Urtebete bakarrik igaroa zen aurreko bisitatik. Gerratik ezkontzara igaro ziren.

Isla de los Faisanes

Uhartea XX. mendean

Uhartearen jabekidetza-izaera –jasota gera dadin, munduko jabekidetza txikiena da– 1901ean eman zitzaion. Orduan erabaki zuten burujabetza txandakatzea, eta egutegi hau finkatu zuten: abuztuaren 1etik urtarrilaren 31ra Frantziarena da, eta otsailaren 1etik uztailaren 31ra, Espainiarena.