Egun hauetan, Irunbusen L2 lineako autobus batek itxura berezia du: ekainaren 21etik uztailaren 11ra bitartean, LGTBIQ+ banderaren koloreak izango dira protagonista ibilgailuan, Irungo Udalak ekainaren 28an LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko prestatu duen programaren barruan.

Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek Udalak martxan jarri dituen jardueren berri eman du, eta, bereziki, datozen asteetan hiriko kaleetan barrena ibiliko den autobusean itsatsitako biniloan jarri du arreta.
“Aurten, beste pauso bat emango dugu, jarduera berriak antolatuta, identitate sexual guztiak errespetatu beharraren inguruan sentsibilizatzen jarraitu behar dugulakoan. Azkenaldian gizartean normalizazioaren kontra indarrean jarraitzen duten jarrera eta gaiei buruz iritsi zaizkigun berriek adierazten dute oraindik ere bidea dugula egiteko eta, hortaz, aldarrikapen honek premiazkoa izaten segitzen duela”, baieztatu du Miren Echevestek.
Ostadar bandera daraman autobusa izango da ekimenik ikusgarriena, baina, gainera, ekainaren 28an bertan, banderak, txapak eta sentsibilizazio materiala banatuko dira.
Gurutzatu zara dagoeneko ostadar bandera daraman gure autobusarekin? Zure argazkiak ikustea gustatuko litzaiguke. Etiketatuko gaituzu sare sozialetan?