Ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta, iaz bezala, eskubide-berdintasuna eta estereotipoak haustea eskatzen duten koloreekin janzten da L2 linea. Lineako autobusetako batek mezu hori transmitituko du, eta asmoa da pertsona guztien errespetua eta berdintasuna sustatzea. 

Homofobiaren eta xenofobiaren aurkako “Maitasunak gorrotoa garaitzen du” kanpainako ekintza bat da, hiriaren partaidetzako aurrekontuen proposamen baten ondorioz sortutako ekimena. Aurten, Irunbuseko gure autobus batek LGTBI+ kolektiboaren koloreak erakutsiko ditu bi alboetan eta atzeko aldean, eta baita Ibai Armentia argazkilariaren sei irudi ere. 

Bi emakume lesbiana, bi gizon gay, polimaitasunezko harreman batean dauden hiru emakume, harreman heterosexual batean dauden gizon eta emakume transexualak, harreman heterosexual batean dauden emakume eta gizon ZISak, eta bi pertsona ez-binario dira irudi horietako protagonistak. Sei argazkietan dibertsitatea erakusten da, eta ez bakarrik etniari, arrazari edo LGTBIQ+ kolektiboari dagokionez, beren lekua baitute dibertsitate funtzionala dutenek eta adinkeriaren kontra borroka egiten dutenek ere. Asmoa da erreferenteak ikusgai jartzea, estereotipoak atzean uzteko.

Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak aurkeztu du kanpaina hau, eta hainbat euskarriren bidez zabalduko da. Ekainaren 20tik uztailaren 10era bitartean ibiliko da autobusa Irungo kaleetan binilo bereziekin. Gero, udan, auzoetan barrena zabalduko dira irudiak kale-euskarrien bidez. Udalaren sare sozialek ere jaso eta partekatuko dute mezua. 

«Modu bat bilatu nahi izan dugu mezua gertutik eta zuzenean adin guztietako herritarrenganaino irits dadin, herritarrek eta jaietan datozenek beren aurreiritziei buruz hausnar dezaten eta estereotipoak baztertzea beharrezkoa dela uler dezaten. Kanpainak ondo baino hobeto dioen bezala, aurreiritziek eta desberdina edo ezohikoa den horren kontrako gorrotoak gizartea zatitzen dute, baina, azkenean, maitasun-beharrak gorroto hori gainditzera eta aurreiritziak baztertzera garamatza. Eta udalak hiri-espiritu hori sustatu nahi du: guztiok lekua izango dugun hiri bat, pertsona guztiei diren hori izan eta aske maitatzeko aukera emango dien hiri bat», adierazi du Echevestek.

Autobusa ikusten baduzu, atera iezaiozu argazki bat, eta etiketatu iezaguzu sare sozialetan!

Irunbus L2