Irunbuseko L2 linea, Katea eta San Juanen arteko bidea egiten duena, % 100 elektrikoa da jada, autobus elektriko berriei esker. Duela hilabete batzuk jaso genuen lehenengoa eta orain, ibilgailu berriak iritsita, linea honek L1arekin bat egiten du, gure hiriko mugikortasuna eraldatzeko bidean.
Lau autobus elektriko berriak 12 metro luze dira; horietako hiruk aukera-kagaren bidez funtzionatzen dute, hau da, karga azkarraren bidez, eta bestea gauean kargatzen da. 22 eserleku dituzte, bat gidariarentzat, baita gurpil-aulkia edo haurtxoaren kotxea eramateko bi zona ere. Guztira, 75 bidaiarirentzako lekua dauka bakoitzak.
Irisgarritasuna bermatzeko, autobusek hiru ate dituzte, eta bi arrapala eta, gainera, geldialdia eskatzeko botoiek braille idazkera dute.
Horrela, L2 lineak ere bat egingo du Irungo Udalak garraio jasangarri baten alde egindako apustuan, lehenago L1arekin egin zen bezala. L1 linea da, hain zuzen, hiriko erabiliena, urtean milioi bat bidaiari baino gehiago izaten baititu. L2a da bigarrena erabiltzaile kopuruari dagokionez, eta urtean ia 400.000 bidaiari izaten ditu. Horrela, bada, Irungo bidaiarien % 90 mugitzen dute bi lineen artean.

