Irungo Udalak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua indartu du, Irunbuseko L2 linearen elektrifikazioa onetsita. Horrela, Katea eta San Juan arteko bidea egiten duen lineak bat egin du L1 linearekin, hiriari hiri-garraio publiko elektrikoa eskaintzeko.
Irunen L1 linea erabiltzen da gehien, milioi bat bidaiari baino gehiago mugitzen ditu, eta 2019tik aurrera elektrikoa da. Orain, L2 linea ere elektrikoa izango da. Bigarren linea garrantzitsuena da, 2019ko datuen arabera (pandemiaren eragina baino urtebete lehenago), 400.000 bidaiari izan zituen eta. Bien artean, hiriko bidaien % 90 mugitzen dute, eta orain jasangarriak bihurtu dira.
“Berrikuntza horiekin, hiriko garraio publiko modernoagoa eta erabilgarriagoa izango dugu, eta, batez ere, energia garbiagoek mugitua. Joan-etorri guztien ia % 90 elektrikoak izango dira denbora laburrean, eta Irun erregistro horiek lortzen aitzindari bihurtuko da, azaldu du hiriko alkate José Antonio Santanok.
Santanok gogorarazi du berrikuntza horiek dagoeneko martxan dauden proiektuekin bat egiten dutela, hala nola Irungo erdigunea emisio gutxiko gune bihurtzea edo Irun 30, dagoeneko erabat finkatua, 10 urte baino gehiagoko indarraldia duena. Horren guztiaren ondorioz, Irun «oso hiri prestatua da klima-aldaketak etorkizunean ekarriko dizkigun erronkei aurre egiteko», esan du.