Egunero ikusten zaituztegu. Isilik, kontzentratuta, deskonexio-une batez gozatzen lanera bidean, etxera bueltan edo gure hirian mandatuak egin aurretik. Gure autobusetako batean eseri eta zuen liburua ateratzen duzue, elektronikoa edo paperezkoa. Zuen unea da. Eta izugarri gustatzen zaigu zuek horrela ikustea! Kontaiguzu, zer liburu ari zara irakurtzen orain autobusean?

Liburuaren Eguna ospatzen du Irunek

Jakingo duzunez, apirilaren 23an, Liburuaren Eguna da, eta gure hiriak ospatu egin nahi du. Izugarri gustatuko litzaiguke gure sare sozialak Irunbuseko zuen irakurketen argazkiekin beteko bazenituzte (Facebooken eta Twitterren gaude). Bien bitartean, Irungo Liburu Azoka nola egingo den kontatuko dizugu.

Liburu Azoka, Zabaltza plazan.

Udaleko Kultura arloak prestatutako jarduera-egitarauak Liburu Azoka izango du ardatz. Aurten Zabaltza plazan egingo da, eta bertan, gune bat prestatuko da, literaturarekin zerikusia duten zenbait proposamen bilduko dituena. 

Apirilaren 23, 24 eta 25ean egingo da Liburu Azoka. Liburuak saltzeko karpa bat egongo da, eta karpa hori erantsita, beste karpa batzuk ere bai jarduerak egiteko: liburuak sinatzea eta aurkeztea, ilustrazio-tailerra, haurrentzako ipuin-kontalaria. 

Karpa, era berean, bi erakusketa txikirekin apainduko da: batetik, inguru hurbilean bizi edo lan egiten duten lehen mailako izenen lanekin osatutako komiki- eta ilustrazio-erakusketa bat, eta, bestetik, Edward Rosset zendu berriaren omenez, bere liburuen azalekin egindako erakusketa bat. 

Eta horretaz aparte, ezin ditugu ahaztu beste espazio batzuk ere, hala nola Carlos Blanco Aguinaga Liburutegia, non, beste behin ere, Miguel de Cervantesen El Quijote liburuaren irakurketa publikoa egingo baita.  Aurten, Karmele Jaioren Aitaren Etxea ere irakurriko dute.  Aldez aurreko hitzordua beharko da parte hartzeko.

Oiasso Museoak ere bat egingo du Liburuaren Eguneko egitarauarekin, eta liburu-aurkezpenak eta literatur ekitaldiak egingo dituzte. Amaia KZn ere solasaldi bat egingo da inguruko idazleekin, literatura eta izua gaitzat hartuta. 

Bai azokak bai gainerako jarduerek COVID-19aren pandemiaren harira ezarritako segurtasun-neurriak beteko dituzte, hala nola segurtasun-distantziak mantentzea, edukiera murriztea, nahitaez maskarak erabili behar izatea eta abar. Azokaren kasuan, iaz bezala, bereizi egingo dira sarrerak eta irteerak, eta ibilbideak markatuta egongo dira.