Urtero bezala, irailaren 16tik 22ra, Mugikortasunaren Europako Astea ospatuko da. Horretarako, “Zure osasunaren alde, mugitu modu jasangarrian” lelopean hirian antolatu den jarduera-programa aurkeztu du Irungo Udalak. 

Irungo Udaleko Mugikortasuneko eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek astelehenean esan zuen mugikortasun jasangarria geratzeko etorri dela, “baina horrek ez du kentzen egun hauek iristen direnean –gainera, uda amaitu eta ikasturtea hastearekin batera– sentsibilizazio-mezuak berritzea oinez, bizikletaz edo garraio publikoan mugitzeak dituen abantailen inguruan.  Aurtengo leloa osasuna da, eta osasuna, zalantzarik gabe, mugikortasun jasangarriaren abantailetako bat da, nahiz eta Olazabalek klima-aldaketa ere ez duen ahaztu nahi izan.  

Bizikleta ardatz duen programa

Irungo erdialdean jarduera ugari egingo da igandean (irailak 19). Goizean, Merca2dasoa mugikortasunari eskainitako azoka bereziaren III. edizioa egingo da Zabaltza plazan (bizikletak, patinak, babestekoak eta ibilgailu horiek erabiltzeko gainerako elementuak). 

Colon ibilbidean, lau bizikleta jarriko dira ordenagailu batera konektatuta, eta herritar guztiak gonbidatuta daude pedalei eragitera energia sortzeko. Jarduera bat ere egingo da parte-hartzaileei bizikletan seguru zirkulatzen erakusteko. 

Arratsaldean, Zabaltza plaza tailer bat bihurtuko da nork bere bizikleta konpontzen ikasteko. Eta, animatuenentzat, 10:45ean, bizikleta-martxa bat abiatuko da Zabaltza plazatik, eta hiritik barrena ibili ondoren, plazan bertan bukatuko da. 

Txiki eta adinekoentzat

Igandekoak ez ezik, beste jarduera batzuk ere antolatu dira hiriko txiki eta adinekoentzat. Ostegunean (hilak 16) eta asteartean (21), Ttipi-Ttapa egingo da. Irungo adinekoentzako programa bat. Luis Mariano adinekoen zentro sozialetik irtengo da eta bertan amaituko da. 

Hilaren 22an, asteartean, Bizi Busaren txanda izango da. Eskola-bidearen ekimenak bat egin du programarekin, eskolara bizikletan joateko ibilbideak eginez. Eguzkitza ikastetxeak parte hartuko du, eta bi ibilbide egingo ditu: bata, Euskal Herria hiribidetik barrena, eta bestea, Nafarroa hiribidetik. Goizeko lehen orduan iritsiko dira ikastetxera.

Colon ibilbidea moztuta

Ohi bezala, igandean, trafikorako moztuta egongo da Colon ibilbidea, eta oinezkoentzako izango da. Gogoratu: kendu egingo dira gure geltoki batzuk. 

Mugikortasunaren Europako Astea urtero egiten da irailean, mugikortasun jasangarria, eta jardunbide onak eta neurri iraunkorrak sustatzeko. Ekimena 1999an sortu zen Europan, eta 2000. urtetik aurrera, Europako Batzordearen babesa izan du.