Datozen egunotan, Irungo Udalak Mugikortasunaren Europako Astea ospatuko du, eta, haren barruan, mugikortasun jasangarriagoa sustatuko du. “Konbinatu eta mugitu!” da aurtengo leloa, eta Udalak aurkeztu duen egitaraua bizikletaren erabilera sustatzeko jarduerek eta mugikortasun gaiei buruzko hitzaldiek osatzen dute.  Gainera, ostiralean, hilak 22, Autorik gabeko Munduko Eguna dela-eta, Colón ibilbidean mugikortasun jasangarriari emango zaio lehentasuna.

Zirkulazio aldaketak Colón ibilbidean

  • Irailaren 16an, larunbatarekin, 16:00etatik 20:00etara bitartean:
    Colón ibilbidearen erdialdea oinezko eta txirrindularientzat izango da. 
  • Irailaren 17an, igandearekin, 10:00etatik 19:00etara bitartean:
    Colón ibilbidearen erdialdea oinezko eta txirrindularientzat izango da, Igandero saioetan bezala. 
  • Irailaren 22an, ostiralarekin, 10:00etatik 19:00etara bitartean:
    Colón ibilbidearen erdiko erreia bizikleta eta trizikloentzat eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzat izango da. Alboetako bi erreiak, berriz, garraio publikoarentzat, taxientzat, larrialdietako ibilgailuentzat, udal zerbitzuen ibilgailuentzat… izango dira. Hortaz, aipatutako orduetan, motordun ibilgailu pribatuek ezingo dute zirkulatu Gipuzkoa hiribidearen eta Eliza karrikako bidegurutzearen arteko zatian. 
  • Irailaren 22an, ostiralarekin, 19:00etatik aurrera, eta irailaren 23an, larunbatarekin, egun osoan:
    Colón ibilbidearen erdiko erreia bizikleta eta trizikloentzat eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzat izango da, baina, alboetako bi erreietan, motordun ibilgailu pribatuek normal zirkulatu ahalko dute.
  • Irailaren 24an, igandearekin:
    Colón ibilbidearen erdialdea oinezko eta txirrindularientzat izango da, Igandero saioetan bezala. 

Irun celebra la Semana Europea de la Movilidad

Mugikortasun jasangarriagoaren alde

Mugikortasunaren Europako Astea 1999an jaio zen, eta, 2000tik, Europako Batzordearen babesa du. Urtero egiten da, irailaren 16tik 22ra bitartean, eta azken eguna Autorik gabeko Munduko Eguna da. Hain zuzen ere, horixe da ekimenaren sorburua, eta helburua, hirietan zirkulazioaren hazkundeak dakartzan arazoentzako irtenbide berriak aurkitzea. 

Irungo Udaleko Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek adierazi duenez, “Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen esparruan, Irungo Udalak hiria bizigarriagoa eta pertsonekin konprometituagoa izan dadin lan egiten jarraituko du; horren adierazgarri, neurri aitzindari bat: Irun 30. Nolanahi ere, neurri hori hartu genuenetik, ez gara geldi egon, eta erreferentzia gara mugikortasun gaietan, alde askotatik: hiri barruko autobus sarearen % 90 ere elektrikoa da, emisio gutxiko eremu bat osatzen ari gara, eta aurrerantzean ere beste neurri batzuk hartuko ditugu. Egia esan, urte osoan hitz egiten dugu honetaz, baina ez da kapritxo kontua: joan-etorriak egiteko gure ohiturak aldatu behar ditugu, eta Lurra hobeto prestatu klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko, nabarmenak izaten hasiak baitira jadanik”.