2006an inauguratu zen Oiasso museo arkeologikoa, eta erromatarren garaiko Irunen edo Oiasso zaharrean aurkitutako objektuak biltzen ditu. Erakusketak eta ekitaldiak antolatuta, museoak inguruko ondare arkeologikoa ezagutzera eman nahi du, hiriaren iragan erromatarraren balioa aitortzeko eta penintsula iparraldean izan zuen garrantziaren berri emateko.

Zer aurkituko dut Oiasso museoan?
Oiasso museoan daude ikusgai erromatar garaiko ondare arkeologiko esanguratsuenak, azken hamarkadetan hirian egin diren indusketetan berreskuratutakoak. Indusketa horietan aurkitu dira Oiassoko portua eta biltegiak, hiriko termak, nekropolia eta inguruko zenbait meategi. Lan horietan guztietan aurkitu dira objektuak eta horiek, itxuraz xumeak izan arren, izugarrizko balioa dute.
Objektu horietako batzuk larruzkoak edo egurrezkoak dira, eta material horiek, oro har, ez dira ondo kontserbatzen erregistro arkeologikoan. Beste batzuk duela 2.000 urteko hiri erromatar bateko biztanleen eguneroko bizitzaren erakusgarri dira, hala nola zeramikazko ontziak edo ehundegietako pisuak. Oiassoko bizitzaren ardatza portua –Atlantikoko ibilbidekoa– eta inguruko meategiak ziren.
Bisita hiru aretotan banatuta dago:
- Eragina: bertako indigena baskoien mundua eta kolonizatzaile erromatarrekin izan zuten lehen kontaktua kontatzen zaigu han.
- Portua: horko erakusketan merkataritzari eta arrantzari buruzko material arkeologikoak biltzen dira (horiexek ziren portuarekin lotutako jarduera ekonomiko nagusiak).
- Oiasso: hortxe ezagutuko ditugu goi-inperioaren garaiko hiri erromatar baten eguneroko bizitzaren zenbait alderdi: dieta, jantziak, idazketa, aisialdia edo erlijioa.
Nola sortu zen Oiasso museoa?
Oiasso museoa Arkeolan elkarteak egindako ikerketen ondorioa da, horietan aurkitu baitzuten 12 eta 15 hektarea arteko hiri erromatar bat. Portua izan zen Oiassoko bizitzaren motor nagusia gure aroko 70. eta 200. urte artean, Aiako Harriko zilar- eta kobre-meategiekin batera.
Bata bestearen atzetik eginiko esku-hartze arkeologikoetan, Irungo iragan erromatarra deskubritzen joan ziren, bai eta hari buruz ikasten ere: 1969an, ainguraleku bat topatu zuten Higer lurmuturraren ondoan (Hondarribia), ekaitzetan itsasontziak han babesten ziren; eta 1971n, nekropoli bat aurkitu zuten hiritik kanpo, Santa Elena ermitaren barruan. Beste aurkikuntza garrantzitsu batzuk izan ziren Bidasoa zeharkatzen zuen zubia edo hiriko termak edo bainuetxe publikoak (horien ondoan dago museo arkeologikoa bera). Mugarririk aipagarriena, edonola ere, portu erromatarraren aurkikuntza izan zen, 1992an.
Ezohiko gertakari horren ondoren piztu zen egungo Oiasso museoaren ideia. Junkaleko eskola zaharren eraikinean dago, hiriaren erdigunean, eta termen hondakinak ere museoaren parte izatera pasatuko dira finkatzen direnean.
Baina, existitu al zen Oiasso?
Jakina existitu zela! Oiasso, izatez, Hispania iparraldeko komunikazio- eta merkataritza-portu garrantzitsuenetako bat izan zen. Bidasoa ibaiaren bokalean kokatuta, Oiasso baskoien portu-hiria (civitas) izan zen. Bertako jarduerari esker, Oiasso portu garrantzitsua izan zen Mare Externum edo Kanpoko Itsasoa zelakoan, eta Inperioaren merkataritza-sarearen parte izan zen, lurraldearen arro atlantikoan. Kantauri aldean, Oiassorekin batera, aipagarriak dira Brigantium (A Coruña), Flaviobriga (Castro Urdiales), Lapurdum (Baiona) etea Burdigala (Bordele), besteak beste.
Baina Oiasso ez zen portu hutsa. Inguruko jardueran, garrantzia zuten Arditurriko meategiek ere, portutik kilometro gutxira. Bertan, erromatarren garaiko ustiategi handi bat aurkitu da, 3 kilometro galeria baino gehiagorekin eta drainatze-sistema sofistikatu batekin. Aurkikuntza horiek meategiaren garrantziaren erakusgarri dira. Meategiak 1984. urtera arte egon ziren martxan, 2.000 urte ia etenik gabe. Hainbat material ustiatu dira bertan: zilarra, burdina, beruna, zinka, fluorita eta blenda.
Santa Elena nekropolia aurkitu zenetik eta gaur egun hiri erromatarren tamaina zein zen jakiteko egiten ari diren lanetaraino, 12 hektareako eremuan, biltegiak, tailerrak eta termak aurkitu dira. Hala, adituek uste dute egungo Irungo hiriaren azpian Erromatar inperioko hiri handi baten berezko eraikin guztiak daudela (antzokia, anfiteatroa, tenpluak, foroa…).
Oiasso museoa, erromatar hirian sartzeko atea
Oiasso museoa, webgunean dioten moduan «Oiassoko erromatar hirian sartzeko atea» da. Izan ere, hango aretoetan indusketetan aurkitutako pieza guztiak deskubritu eta ezagutuko ditugu eta, gainera, bertatik abiatzen da bisitariak Santa Elenako nekropolira eta Irugurutzetako meategietara daramatzan tren erromatarra.
Santa Elenako nekropolia
Erdi Aroko Santa Elenako ermitaren barruan aurkitu zen Oiassoko nekropolia. Han aurkitu ziren errautsez betetako urnak eta hilobiratze-hatuak, hala nola zeramikazko ontziak, ilea biltzeko hezurrezko orratzak, fibulak… Bisita horretan objektu bikainak ikusi ahalko dituzu, Oiassoko biztanleen bizi-mailaren erakusgarri (Atlantiko aldeko beste erromatar hirietan bezain ondo bizi ziren). Gainera, ustez mausoleoak ziren bi eraikinen zimenduak aurkitu ziren. Horietako bat, handiena, eliza bihurtu zen X. mendean, Gilen Santxitz Akitaniako dukearen garaian, eta aldare bat gehitu zitzaion. Eraikin horrek erabilera erlijiosoa izan du gaur egunera arte, orain ikusten dugun ermitaren eraikuntzarekin

Irugurutzetako meategiak
Meategiko trenean iritsiko zara espazio honetara, eta bertan ikusiko dituzu meategietako galeriak eta minerala kiskaltzeko labeak. Ustiategi horiek erromatar garaian sortu ziren arren, Irugurutzetan bisitatu daitezkeen egiturek XX. mendeko meatzaritzarekin dute lotura.
Oiasso museoaren dibulgazio-lana
Museoaren lana indusketetan agertutako objektuak erakuste hutsetik harago doa; izan ere, hiriaren historia eta iragan erromatarra ezagutarazi nahi du, eta haren balioa aitortu. Horrela, espazio horretan zenbait jarduera kultural antolatzen eta sustatzen dira antzinako historiarekin eta arkeologiarekin lotuta.
Zinema Arkeologikoaren Jaialdia (FICAB) da ekitaldirik garrantzitsuena Oiasso museoak urtero aurkezten duen jarduera-programan. Horrez gain, erakusketak, ikastaroak eta bisita gidatuak eskaintzen dira, bai eta hiriko txikientzako jarduerak ere. Hori guztia, helburu bakarrarekin: eremuko iragan erromatarra, historia eta kultura familia osoari jakinaraztea.
