Musika izango da udazkeneko protagonista gure hiriko kultur agendan. Abesteko eta dantza egiteko gogoz gabiltza eta, nahiz eta oraindik ezin dugun musikaren erritmoan nahierara aritu, Irungo Udalak kontzertu eskaintza potente bat aurkeztu du, indarrean dauden neurri sanitarioak errespetatuz betiere. Gehiago jakin nahi? Jarraitu irakurtzen!

Kultura arloak urteko azken hiruhilekoko musika-agenda aurkeztu du. Apustua hiriko kultur jarduerak indartzea da, Irun biziberritzeko abian den kanpainaren barruan. 

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak azaldu du musika-agendak protagonismo berezia duela. «Irungo musika dinamizatzeko azken urteotan erabili dugun “Irun Zuzenean” plataformaren barruan, izen ezagunez beteriko eskaintza bat dakargu hirira, eta tokiko kultura indartu nahi dugu, bertako taldeentzako jaialdi batekin», adierazi du Juncal Eizaguirrek.

AMAIA KZ

Gurean izango dugun lehen izarra Carlos Sadness izango da. Hitzordua urriaren 16an izango da, larunbatarekin, eta abeslari katalanak bere laugarren diskoa aurkeztuko du: «Tropical Jesus». Carlos Sadness bartzelonarrak arrakasta handia izan du bere jaioterrian zein atzerrian, Latinoamerikan salmenta-marka guztiak hautsi baititu. 

Urriaren 30ean Bera, Petti eta Etxeko uzta izango ditugu Irunen, Et Incarnatus orkestrako hari-laukoteak lagunduta. Kontzertu horretan «Manipulazio estrategiak» diskoa aurkeztuko dute, non pentsamendua, poesia eta musika uztartzen baitira. Aspaldi, Noam Chomskyk komunikabide handiek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen. Horietatik abiatuta, Harkaitz Cano idazleak 10 olerki idatzi ditu, eta Pettik abesti bilakatu ditu, euskal eszenako musikaririk onenen laguntzarekin. Kalitatez, energiaz, indarrez eta samurtasunez beteriko ikuskizun bat. 

Haren aurretik, Eneritz Furyak-ek joko du. Irungo musikari gazte bat da, eta euskal musikako ahots berrietako bat. Furyakek Euskal Herri osoan zehar eskaini ditu emanaldiak ea, horrez gain, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Suitzan edo Italian ere aritu da.

MUSEO OIASSO

Oiasso museora ere iritsiko da musika, azaroaren 27an, Jaime Alvarellos gitarristaren eskutik. Formatu intimoagoa izango du bluesaren zaleek inola ere gal ezin dezaketen ikuskizun honek, Oiassoko kontzertu akustikoetan izan ohi den bezala.

IRUN ZUZENEAN

Nola ez, Irun Zuzenean jaialdiaren beste edizio bat ere izango dugu, Ficoban oraingoan ere. Olimpia, Sara Zozaya eta La Bien Querida artistak izango dira protagonistak. Kontzertuak azaroaren 13an izango dira, larunbatarekin, eta doakoak izango dira. 

KULTURA KM0

Ficoban egingo da jaialdi hau ere, protagonismoa tokiko taldeei eskainita. Abenduaren 18an izango da, eta datozen egunotan ezagutuko ditugu arituko diren musikari guztiak. Edonola ere, badakigu zein izango den kontzertu nagusia: Kulto Kultibo eta kolaboratzaileak. 

Rap eta reggae estiloak lantzen ditu 2010ean sortutako talde bokal honek, eta ordutik hona asko hazi dira. 2018an, esterako, 40 kontzertu eskaini zituzten Espainiaren luze-zabalean.  Urtebete beranduago zenbait jaialditan izan ziren eta 2020an, beren hamargarren urteurrenean, proiektu berriak lantzen jarraitzen dute. 0Aipatzekoa da iazko Irun Zuzenean jaialdian jo zutela, eta ikuskizun nabarmenetako bat izan zela haiena.